Lagun batek espero ez zenuen zerbait esan dizu, eta sentitu duzu nola egin duzun krak, barrua bitan hautsi zaizun. Egunak eman dituzu hark esandakoari bueltaka, burutik kendu ezinda, jira eta bira.
Zer egin, nola jokatu, nola lagundu.
Pertsona bat hainbeste maite dugunean, nola sentitzen dugun haren mina geure.
Nola haren malkoak geure.
Eta nahi duzu lagundu, zerbait egin, mendiak mugitu, lurrikara bat eragin, zerbait.
Hari laguntzeko.
Baina gehiegi kasu eginez gero, lata handiegia emango duzu, nekatu egingo duzu.
Eta hortxe zaude, sofan eserita, harengan pentsatzen, zer egin ez dakizula.
Baina lasai ez.
Gogoratu duzu behin nola esan zizuten gizarte honek lagunak ez dituela gehiegi baloratzen.
Familia, ezinbesteko enborra; bikotekidea, kasik bizitzeko arrazoia.
Baina inork ez du laranja erditzat hartzen lagun mina.
Inor ez da poztuko lagun berri bat egin duzulako, eta ia-ia olatua egingo dizute bikotekidea topatu duzulako. Zoriondu egingo zaituzte izeba izan zarelako.
Eta laguna da goizean jaiki eta on egingo dizula uste duen mezu hori bidaltzen dizuna, gauean ohera joan aurretik bideo nazkagarriak bidaltzen dizkizuna edo sabeleko mina duzunean agian laktosak kalte egiten dizula esango dizuna.
Etxera zoazenean azken garagardoa aterako dizuna.
Aurrezten ari zarenean Maldivetara joatea proposatuko dizuna.
Jateko gogo gutxi duzunean afaria prestatuko dizuna.
Barruan hainbeste denboran gordetako minak leher egin dizunean lantokira bila joango zaizuna, etxe barruraino sartuko zaizuna.
Behar zenuen besarkada hori emango dizuna.
Beste batek esan dizu sexu harremanik gabeko bikotekideak izan daitezkeela lagunak
Txarrean eta onean, une oro presente sentitzen duzuna.
Beste batek esan dizu sexu harremanik gabeko bikotekideak izan daitezkeela lagunak.
Gehiago gustatu zaizu bertsio hori.
Urte berri honetan, jar dezagun zaintza erdigunean.
Zain dezagun ingurua, zain dezagun familia, adinekoak, gertukoak.
Baina zain ditzagun lagunak ere, bilaka ditzagun gure laranja erdiak.
Ohea eta odola partekatzen dugunek ez ezik, horiek mugitzen dituztelako gugatik mendiak.