"Burua eta gorputza aktibo" izateko, jarduerak antolatu ditu Izarraitz Lanbide Heziketak ostegunerako

Ane Olaizola 2024ko urt. 16a, 09:45

Elkargunea. Han izango dira saioak.

55 urtetik gorako herritarrek "burua, gorputza eta harremanak" landu ditzaten, sei jarduera egingo dituzte ostegun goizean Elkargunean, hala nola ariketa fisikoa, burua lantzeko jolasak, informatika eta yoga.

Izarraitz Lanbide Heziketan Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arreta zikloa egiten ari diren ikasleek hainbat jarduera antolatu dituzte etzirako, 55 urtetik gorako herritarrei zuzenduta. "Burua, gorputza eta harremanak" lantzeko eta horiek "aktibo" mantentzeko asmoz, askotariko ekintzak egingo dituzte ostegun goizean Elkargunean biltzen direnek.

10:00etan hasiko dira ekintzak, eta 12:30era bitartean ordu erdiko zein ordubeteko sei jarduera egingo dituzte, tartean atsedenerako ordu laurdeneko tartea hartuta. Honako hau da egitaraua: 10:00etatik 10:30era, ariketa fisikoa egingo dute; 10:30etik 11:30era,  burua lantzeko jolasen, kakorratz-lanen zein masajeen txanda izango da; 11:00etatik 11:30era artean, informatika landuko dute; eta 11:45etik 12:15era yoga eginez borobilduko dute egitasmoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide