700 urte bete dira gaur Alfontso XI.a erregeak Azkoitiko hiribilduari Hiri Gutuna eman ziola. 1324ko urtarrilaren 4an jaso zuen Azkoitiak agiri hori, eta herriaren sorrerak zazpi mende betetzen dituen egunean, ofizialki inauguratu dituzte urte osora zabalduko diren mendeurreneko ekintzak.
Trikiti doinuek girotu dute gaurko ekitaldia. 19:00etan, 60 bat pandero eta soinu jotzaile elkartu dira Azkoitiko plazan, eta herriko kaleak kalejiran zeharkatu ostean, plazan egin dute geldialdia berriro guztiek. 20:00etan, San Martin ermita argiztatu dute, eta herriko elizetako eta parrokiko kanpaien errepika solemneak eman die hasiera ospakizunei. Ordu berean, udaletxeko fatxadan Azkoitia 700 egitasmoa irudikatzen duen logotipoa argiztatu dute, eta Ana Azkoitia alkateak Azkoitiko bandera jaso du balkoian. Ekitaldia amaitzeko, trikitilari guztiek elkarrekin Laja eta Landakandaren Azkoitiri abestia jo dute elkarrekin.
Jende ugari bertaratu da Azkoitiko plazara 700. urteurreneko ospakizunei hasiera eman dien ekitaldia bertatik bertara jarraitzera.