Isilune zirkuluak lehen elkarretaratzea egin du plazan

Iraia Oteiza 2023ko abe. 22a, 10:29

Isilune zirkuluaren lehen elkarretaratzeko irudia. (Azkoitiko Parrokia)

Gizakia arriskuan lelopean, mundu mailako gerrak gogoratu eta "giza eskubideen urraketak" salatu dituzte.

Isilune zirkulua egitasmoaren lehen elkarretaratzea egin zuten atzo, ostegunez, plazan. Egitasmoaren helburua da mundu mailako "giza eskubide urraketak" salatzea, eta horretarako "gizatasuna plazara" ateratzea.

Atzoko elkarretaratzea Azkoitiko Parrokiak antolatu zuen, eta Gizakia arriskuan lelopean, 60 bat pertsona elkartu ziren: "Gaur egun gertatzen ari diren mundu mailako gerrak gogoratu genituen, batez ere Mediterraneoan, Palestinan eta Ukrainan gertatzen ari den egoera salatzeko, nazioartean gertatzen ari diren eta apenas ezagutzen ez ditugun beste gerrak ahaztu gabe", adierazi dute Parrokiko taldeko kideek. Elkarretaratzean, taldeak bere burua aurkeztu zuen aurrena, eta zirkuluan birak eman zituzten elkartu zirenek ondoren, isilik. Zirkulu horren erdian gaiari lotutako objektuak jarri zituzten. Azkenik, mezu bat irakurri zuten, eta informazio orriak banatu zizkieten herritarrei.

Isilune zirkulua egitasmoak giza eskubideen arloan lan egiten duten herriko beste hainbat talde, elkarte zein erakunderen atxikimendua du, Gernika-Palestinarena, Marea Urdinarena, Daralhina eta Loiola Zentroarena. Hori hala, hilero talde baten ardura izango da elkarretaratzea prestatzea, eta hark erabakiko du zeren inguruko Isilune zirkulua egingo duen dagokionean.

Lehen elkarretaratzearekin, "gustura" daudela jakinarazi dute antolatzaileek, eta "halaxe jarraitzea" espero dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide