Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak asteartean onartu zuen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 149.973 euroko dirulaguntza ematea Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari, Azkoitiko Insausti jauregiko fatxada eta terraza birgaitzeko.
Gobernu Kontseiluak gogorarazi du Insausti jauregia XVIII. mendearen erdialdean eraikitako eraikina dela, eta gaur egun babes bereziko kultura-ondasuna dela. XXI. mendearen hasieran birgaitze-lanak egin ziren eta egitura, estalkia, etxaurreak eta arotzeria zaharberritu ziren. Bigarren fasean, barruko gelak birmoldatu eta egokitu ziren. Hala ere, gaur egun urak eta eguraldiak eragindako beste kalte batzuk ere konpondu behar direla jakinarazi dute, hala nola fatxada eta terraza.
Horretarako, honako lan hauek egingo dituzte: fatxadetako estaldurak txikitzea eta garbitzea; azalera xehatuak berreskuratzea; fatxadak, teilatu-hegalak, arotzeriak eta barandak pintatzea; atzeko baranda desmuntatzea; kanpoko terrazako zoladura eraistea eta desmuntatzea; atzeko terrazan maldak eratzea; atzeko terraza iragazgaiztea; kareharrizko zoladura jartzea; eta dagoen baranda berriro jartzea.