Anaitasuna Kakute xake elkarteak antolatuta, aurten jaialdi izaera hartu duen Kattu memoriala jokatu zuten atzo goizean Kultur Etxeko hirugarren solairuan. 39. urtea izan du Ramon Oñederraren omenezko egitasmoak, eta ohi bezala, dozenaka jokalari bildu ditu.
Antolatzaileen esanetan, aurrerantzean gazteen parte hartzea sustatzea izango du egitasmoak, eta hori hala, atzoko jardunaldia "eskola" moduan baliatu zuen klubak, etorkizuneko txapelketetan izan beharko duten "presentzia, ordena eta edukazioa" ikas dezaten jokalariek. Sailkapenari erreparatu gabe eta jokalariek gozatzeko asmoz, gaztetxoek bide horretan "lezioa" eman zutela azpimarratu dute antolatzaileek, ikasitakoan arreta jarrita.
Atzoko egitasmoarekin eman zioten hasiera Katturen oroimenezko ekitaldiei. Izan ere, bihar 40 urte beteko dira GALen mertzenarioek azkoitiarra hil zutenetik Baionako Kayetenia ostatuan, hark lan egiten zuen tabernan. Urteurrenean bertan, beste bi ekintza izango dira herrian: batetik, lore eskaintza egingo diote 18:00etan, parrokiaren ondoko monolitoan; bestetik, segidan hitzaldia izango da Elkarguneko Intsausti aretoan, Politikotik pertsonalera izenpean. Bertan, Iñaki Egaña historialariak, Arantxa Oñederra Kattu zenaren arrebak eta Rosario Lasa Joxean Lasa zenaren arrebak parte hartuko dute. 18:30ean hasiko da solasaldia.
(Argazkiak: Ane Olaizola eta Anaitasuna Kakute kluba)