Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak urteko batzar orokorra egin du gaur goizean Elkargunean, eta bi kide berri batu dira zuzendaritza taldera: Leire Lizarralde eta Iosu Irizar. Aurrenekoa lehendakariorde izendatu dute, eta Irizar, berriz, diruzain lanetan arituko da. Idoia Alberdik lehendakari izaten jarraituko du, eta Julen Garate idazkari izango da beste urtebetez.
25 lagun inguru elkartu dira batzarrean, eta elkartearen hitzetan, "inoiz baino jendetsuagoa eta parte hartzaileagoa" izan da. Beraz, oro har saioaren balorazio positiboa egin du elkarteak: "Trantsizioan jarraitzen dugu, gazteak batuz eta bide berriak urratuz". Euskararen transbertsalitatean sakondu nahi dute, eta Geure Gelatik liburu azokarekin berdintasunaren arloa jorratzen duten moduan, datorren urtean kultura ere langai izango dutela aurreratu dute, Azkoitiak 700 urte betetzen dituela eta. "Bileran aipatu dugu esparru guztietara iritsi behar dugula, eta horretarako egingo dugu lan".