Ingurumen Mahaiak udalarekin elkarlanean antolatuta, elikadura burujabetza ardatz duen saioa izango da datorren astelehenean, hilaren 18an, Elkargunean. Dokumental emanaldia eta solasaldia izango dira 18:00etan hasita. Saioa irekia da, eta nahi duen oro joan daiteke.
Saioa hasteko, Landarlan ingurumen elkarteak eta On Produkzioek ekoitzitako Zure platerean hasten da mundua dokumentala emango dute. Agroekologia abiapuntu izanda, elikaduraren eta kontsumo ohituren gaineko hausnarketa sustatu nahi du ikus-entzunezkoak. Ondoren, Azpeitiko Elikagunea kudeatzen duen Artxara kooperatibako ordezkari Xabier Izagirrek eta Azkoitiko Zabaleta baserriko Edurne Osa ogi-ekoizleak solasaldia eskainiko dute beren bizipenak partekatzeko.