Udalak bihar Euskararen Egunaren harira antolatutako ekitaldietan parte hartzera deitu ditu herritarrak

Nerea Uranga 2023ko abe. 3a, 16:47

Joan den astearteko udalbatzarra. (Nerea Uranga)

Joan den astearteko azaroko udaltzarrean Azkoitia Baik eta EH Bilduk Euskararen Egunaren adierazpenari aurkeztutako osoko zuzenketa onartu zuten bi alderdi horiek eta EAJk. Abenduaren 14an Azkoitia Ueman sartzea erabakiko dute udalbatzarrean. Beste gai batzuk ere erabaki zituzten udal osoko bilkuran.

Azaroko udal osoko bilkura egin zuten joan den asteartean, azaroaren 28an, Azkoitiko udaletxean. Besteak beste, hiru mozio landu zituzten udal ordezkari politikoek; tartean, Euskararen Eguneko adierazpena.

EAJk eta PSE-EEk Euskararen Eguneko adierazpena aurkeztu zuten, baina horren gainean osoko zuzenketa aurkeztu zuten Azkoitia Baik eta EH Bilduk, eta azken hori bozkatu eta onartu zuen Azkoitiko Udalak, Azkoitia Baikoen, EH Bildukoen eta EAJkoen aldeko botoekin. Uemaren Euskararen Eguneko adierazpen bateratuarekin bat egin du udalak onartutako osoko zuzenketak. "Euskararen Eguna harrokeriarik gabeko harrotasun eguna" dela aldarrikatu du, baina aurten ospakizun eguna "lanbrotuta" etorri dela adierazi du: "Hilabetez hilabete ainubera kondenatu nahi izan gaituzte. Behin eta berriro. Euskararen aurkako erasoek ez dute etenik izan, eta epaitegietatik heldu den oldarraldiak marra gorriak gainditu ditu, euskararen beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzeraino". Dena den, Azkoitiko Udalak euskara sustatzen jarraitu behar dutela aldarrikatu dute: "Euskara da gure herriko hizkuntza propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko beharra daukagu, eredu izan eta euskararen "lurgunea sendotzen" lan egiteko aldarria eginez. Era berean, biharko Azkoitiko Udalak eta Euskararen Mahaiak Euskararen Egunaren harira antolatutako ekitaldietan parte hartzera deitu dituzte  herritarrak.

Halaber, abenduaren 14an, Azkoitia Ueman sartzea erabakiko dute udalbatzarrean, eta batzarrera joateko deia egin diete herritarrei.

PSE-EEren mozioa aurrera

Euskararen Egunari lotutako mozioaz gainera, PSE-EEk bere aldetik aurkeztutako klima babeslekuen eta espazio publikoen birnaturalizazioaren inguruko mozioa ere onartu zuen Azkoitiko Udalak, PSE-EEkoaren, EAJkoen eta EH Bildukoen aldeko botoekin. EH Bilduk baiezkoa eman arren, Asier Altuna zinegotziak azaldu zuen" kontraesankorra" dela alderdi sozialistak mozio hori aurkeztea "erraustegiaren alde" egiten duelako. Hala ere, koalizioko kideak mozioan eskatzen diren puntuekin bat datozela azaldu zuen Altunak.

Azkoitia Baikoek ezezkoa bozkatu zuten, "2024ko udal aurrekontuen negoziazioen barruan gaia proposatzea eraginkorragoa" iruditzen zaielako.

PSE-EEk mozio horren bidez proposatu duena honakoa da: "Udalerriko berdeguneei  buruzko azterketa egitea eta gune grisen birnaturalizazioa sendotzea; aterpe klimatiko gisa erabiltzeko espazioak kokatzea; herrian berdeguneak sustatzea; eta, eskoletako jolastokiak leku inklusiboagoak, jasangarriagoak eta naturalizatuagoak bihurtzeko eraldaketa balioestea".

Zaintzaz adostasunik ez

Hirugarren mozio baten inguruan ere eztabaidatu zuten azken udalbatzarrean. "Euskal zaintza eredu sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario baten aldeko" mozioa, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoa, alegia. Mozioa, ordea, ez zuten onartu, Azkoitia Baik eta EH Bilduk kontra bozkatu zutelako.

Aurkeztutako mozioan, Azkoitiko Udalak "Euskadiko zainketaren aldeko itun sozial berrian  parte hartzea" proposatu zuten EAJk eta PSE-EEk, baina udaleko beste bi aldeak kontra agertu ziren. EH Bildukoen arabera, aurkeztutako mozioaren eta Eusko Jaurlaritza ematen ari den politika sozialean "kontraesan handiak" daude, eta horretarako, zaintzan azken urteetan  "gertatu den pribatizazioa" ikusi besterik ez dago. "Gure ustez, zaintzak komunitarioa eta herritarra izan behar du", azaldu zuen Asier Altuna EH Bilduko zinegotziak.

Azkoitia Baik ere mozioaren kontra egin zuen. "Aurretik ere ez gara inoiz adierazpen eta mozioen aldekoak izan, eta iruditzen zaigu ez dugula inongo eskubiderik ardurarik handiena izan eta garrantzitsuena den zaintzan benetako dedikazioa duten pertsonen ahotsa izateko", adierazi zuen Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxaniz zinegotziak.

Beste erabaki batzuk

Mozioez gainera, beste erabaki batzuk ere hartu zituen Azkoitiko Udalbatzak asteartean. Besteak beste, kreditu transferentziaz 53.800 euroko kreditua aldatzea erabaki zuten udal ordezkariek aho batez. Horietatik 50.000 euro hainbat proiektutarako erabiliko ditu udalak, eta gainontzeko 3.800 euro liburutegirako liburu berriak erosteko. Azkoitia Baik adierazi zuen 50.000 euro horiek ondo etorriko direla "Plazaberrirako, Xabier Munibe ikastolako atarirako, skate parkea edo pump track-erako, atletismo pistarako...".

Azkoitiko Larrialdi Planaren zuzenketa ere aho batez onetsi zuten Azkoitiko udal ordezkariek. Ana Azkoitia alkateak adierazi zuen, plana aspaldi onartutakoa izanik, "eguneratu" egin dutela, bai baliabide zein kargu aldetik. Azkoitia Bairen ustez,garrantzitsua da plan hori eguneratuta izatea, "arduradun askoren koordinazioa" eskatzen duelako eta larrialdietan "erantzun zuzena" emateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide