Urola Bizirik taldeak ezkurrak landatu ditu herriko baratze parkean

Iraia Oteiza 2023ko aza. 12a, 13:35

Ezkurrak landatzen herriko baratze parkean. (Urola Bizirik)

IV. Ingurumen Jardunaldien barruan egin duten bigarren ekintza izan da ezkur landaketarena. Landareak zuhaixka egindakoan, Munoaundin landatuko dituzte.

Urola Bizirik taldeak Ingurumen Jardunaldiak antolatu ditu laugarrenez, Azkoitiko eta Azpeitiko udalen laguntzarekin. Naturak zaintzen gaitu lelopean, baso helduei lotutako zenbait jarduera eta hitzaldi antolatu ditu taldeak. Baso helduez eta konektibitate ekologikoaz hitz eginez hasi zituzten asteartean jardunaldiok, eta ezkur landaketarekin eman diete jarraipena jarduerei. Azkoitiko baratze parkean landatu dituzte duela hamabost egun Martirieta aldean taldean bildu zituzten ezkurrak. Behin landare horiek zuhaixka egindakoan, Munoaundin landatuko dituzte.

Azaroaren 15erako beste hitzaldi bat prestatu dute jardunaldien barruan. Azkoitiko Elkargunean izango da, 19:00etan. Saio horretan, Landare exotiko inbaditzaileak izenburuko hitzaldia eskainiko du Aitziber Sarobe Biologian doktoreak eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak.

Azaroaren 18ko mendi irteerarekin bukatuko dituzte IV. Ingurumen Jardunaldiak. Baso heldu misto baten bisita gidatua Pagoeta inguruan izeneko bisita gidatua egingo dute, atzo Azpeitian hizlari izan ziren Arturo Elosegik eta Antxon Gomezek gidatuta. 09:00etan hasiko dute bisita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide