Azpeitian bizi zen 52 urteko motozale bat hil da gaur, igandea, Aizpurutxon, motoan zihoala auto batekin istripua izan ostean. Ertzaintzak jakinarazi duenez, 11:30ak aldera gertatu da ezbeharra, Azkoititik Zumarragara doan GI-631 errepidean. Dirudienez, Zumarragara bidean zihoan moto gidaria erori egin da, eta atzetik zetorkion autoak azpian harrapatu du. Larrialdi zerbitzuak bertaratu dira, baina ez dute lortu moto gidaria suspertzerik.
Istripua gertatu den unetik errepidea itxita egon da bi noranzkoetan ia hiru orduz, baina Segurtasun Sailaren arabera, jada irekita dago.
Ertzaintzak ikerketa abian du, istripua zerk eragin duen argitzeko.