Laugarren Ingurumen Jardunaldietako lehen saioa egin zuen atzo Urola Bizirik taldeak. Baso helduak eta konektibitate ekologikoa: Urola Kosta kasua gai hartuta hitz egin zuten Arturo Elosegi biologoak eta Ekologikoan katedradunak eta Antxon Gomez Ingurumen Zientzietan graduatuak eta baso teknikariak. 19:00etan hasita, Baigera 1eko aretoan izan zen solasaldia.
Urola Bizirik taldeak Naturak zaintzen gaitu lelopean antolatu ditu aurtengo Ingurumen Jardunaldiak, Azkoitiko eta Azpeitiko udalen laguntzarekin.
Jardunaldietako hurrengo hitzordua datorren zapatuan egingo dute Azkoitiko herriko baratze parkean (Abaraxka aterpetxearen ondoan), 10:00etan hasita. Urola Bizirik taldeak "familia giroan" egin nahi du ezkurren landaketa, eta haurrak ere gonbidatu dituzte parte hartzera. Urriaren bukaeran taldeak Martirieta aldean bildu zituen ezkurrak izango dira zapatuan landatuko dituztenak.
Azaroaren 15erako beste hitzaldi bat prestatu dute jardunaldien barruan. Azkoitiko Elkargunean izango da, 19:00etan. Saio horretan, Landare exotiko inbaditzaileak izenburuko hitzaldia eskainiko du Aitziber Sarobe Biologian doktoreak eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak.
Azaroaren 18ko mendi irteerarekin bukatuko dituzte IV. Ingurumen Jardunaldiak. Baso heldu misto baten bisita gidatua Pagoeta inguruan izeneko bisita gidatua egingo dute, atzo Azpeitian hizlari izan ziren Arturo Elosegik eta Antxon Gomezek gidatuta. 09:00etan hasiko dute bisita.