Anaitasuna: etxean garaipena eta kanpoan porrota

Nerea Uranga 2023ko aza. 5a, 16:00

Anaitasuna atzo Pasaiaren kontrako neurketan. (Anaitasuna FT)

Anaitasuna futbol klubeko bi talde nagusiek denboraldiko bederatzigarren jardunaldia jokatu dute. Euskal Ligako taldeak Erandioko Betiko Neskak taldearen kontra 1-0 galdu du. Espainiako Hirugarren Mailako Anaitasuna taldeak, aldiz, 3-1 irabazi dio Pasaiari.

Atzo arratsaldean, 16:30ean hasita, jokatu zituzten neurketak Espainiako Hirugarren Mailako eta Euskal Ligako Anaitasunako taldeek; batek irabazi eta besteak galdu egin zuten.

Txerloian jokatu zuen denboraldiko bederatzigarren jardunaldia Anaitasunako gizonen talde nagusiak Pasaiaren kontra. Azkoitikoak galtzen hasi arren, markagailuari buelta ematea lortu zuten, eta 3 eta 1 irabazi zuten, Julen Aramendiren eta Anderren golei esker.

Laugarren minuturako sartu zion gola Pasaiak Anaitasunari, markagailua 0-1 jarriz. Hortik aurrera, ordea, aurkarien atean baloia sartzeko ahaleginak egin zituzten Txema Añibarroren mutilek, baita lortu ere. 22. minutuan lortu zuen berdinketa (1-1) Anaitasunak, Julen Aramendik area ertzetik botatako jaurtiketa baten ondoren. 30. minutuan, berriz, Pastrianen gola baliogabe utzi zuen epaileak, aurrez Anaitasunaren alde penaltia adierazita zuelako. Anderrek bota zuen penaltia, baloia Pasaiakoen atean sartuz. Golak sartzeko beste aukera batzuetan huts eginda, 2-1 markagailuan zela iritsi ziren atsedenera.

Bigarren zatian, 55. minutuan, etorri zen Anaitasunekoen hirugarren gola, Cresporen bakarkako jokaldi oso on baten ondorengo erdiraketan Anderrek baloia atean sartuta. Emaitza paregabearekin bukatu zuten atzokoa Anaitasunako mutilek, 3 eta 1 eginda.

Hurrengo jardunaldia datorren asteburuan jokatuko du Hirugarren Mailako Anaitasunak Vitoriaren kontra, etxetik kanpo.

Merezi ez bezalako emaitza

Anaitasunako nesken talde nagusiak, ordea, bestelako emaitza izan zuen atzo Erandioko Betiko Neskak taldearen kontra, 1 eta 0 galdu zuten. Atzo arratsaldean jokatu zuen Euskal Ligako taldeak denboraldiko bederatzigarren jardunaldia Erandion (Bizkaia). Galdu arren, bestelako emaitza merezi zuten atzokoan Azkoitiko futbolariek. 21. minutuan Ane Juaristiren gola baliogabetu egin zuen epaileak, zalantza handiko jokoz kanpokoa adierazita. Husnako berdinketarekin iritsi ziren atsedenera.

Atsedenetik bueltan, 46. minutuan, Anaitasunakoen kontrako penaltia adierazi zuen epaileak area barruan eskuekin baloia ukitzeagatik, eta txartel gorria atera zion Ziharari. Pasaiakoek, baina, penaltia kanpora bota zuten. Anaitasunari porrota eman zion gola 83. minutuan sartu zuen Erandiok.

Datorren asteburuan jokatuko du hurrengo jardunaldia Euskal Ligako Anaitasunak. Etxean du neurketa, Lakuaren kontra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide