VIII. San Martin mendi lasterketa jokatuko dute hilaren 11n, auzoko festetan

Ane Olaizola 2023ko aza. 3a, 11:56

San Martin mendi lasterketa, iaz. (Ane Olaizola)

Auzoko Mikologi elkarteak zortzigarrenez antolatu du inguruko mendixkak zeharkatzen dituen 7,5 kilometroko proba, eta korrikalariek egunean bertan eman ahal izango dute izena. Horrez gain, mezak eta kanpai festak ez dute hutsik egingo.

San Martin eguna ospatuko dute hilaren 11n izen bereko auzoko jaietan, eta hango Mikologi elkarteak mendi lasterketa prestatu du zortzigarrenez.

Azken urteetan bezala, bi lasterketa jokatuko dituzte egun horretan: bata umeena, eta bestea helduena. Haurrena 10:40ean hasiko da elkartearen paretik, eta auzoko ermitako erlojuak 11:00ak jotzearekin batera abiatuko dira helduak leku beretik. Horiek 7,5 kilometroko eta 400 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea egingo dute. Inguruko mendixkak zeharkatuko dituzte parte hartzaileek, hala nola Munoaundi, Txalintxo eta Kukuerri, eta San Martingo ermitako kanpaia jotzearekin batera amaituko dute proba.

Korrikalariek egunean bertan eman ahal izango dute izena, 10:00etan, Mikologi elkartean. Ohiturari jarraituz, Kurutzia baserriak emandako produktu sorta bana jasoko dute aurreneko gizonak eta emakumeak, eta partaide guztien artean sariak zozkatuko dituzte antolatzaileek. Lasterketa amaitutakoan, berriz, hamaiketakoa eskainiko dute.

Kanpai festa eta meza

Mendi lasterketa ez da izango San Martin egunean auzoan egingo duten ekintza bakarra. Tradizioa den moduan, kanpai festa izango da protagonista, herritarrek ermitako kanpaia jotzeko aukera izango baitute goizetik iluntzera bitartean. Horrez gain, 10:30ean meza egingo dute ermitan bertan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide