Palestinako egoera "gero eta larriagoa" izanik eta urriaren 21eko Donostiako manifestazioak izandako erantzunaren ondotik, deialdi herritarrari heldu behar zaiola uste du Gernika-Palestina kolektiboak, eta datorren asteartean, hilaren 7an, Euskal Herriko herri guztietan mobilizatzera dei egin du hark. Egun horretan Azkoitian ere egingo dute elkarretaratzea, eta 18:00etan elkartuko dira plazan, Gazako sarraskia gelditu! lelopean.
Joan den urriaren 7az geroztik, Israelek 9.061 pertsona hil ditu Gazan, horietatik 3.760 adin txikikoak. Israelen erasoak ikusita, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du "agortzear" dela Gazan "genozidio bat" ez gertatzeko denbora.