Aizkibel liburutegiak bi zientzia tailer antolatu ditu hilaren 15erako eta 16rako, LH3tik LH6ra arteko umeei zuzenduta. Batetik, klima aldaketari buruzko tailerra eskainiko dute hilaren 15ean. Jarduera praktiko eta "hezitzaileen" bidez, karbono dioxidoak kliman duen garrantzia, euri azidoa, ph adierazleak eta klima aldaketaren aurkako borrokan "teknologia nagusiak" jakinaraziko dituzte. Bestetik, Slime tailerra eskainiko dute hilaren 16an, ostegunez. Jardunaldi horretan, gelatina antzeko masa bat prestatuko dute umeek, eta polimero horren ezagugarri berriak ezagutuko dituzte. Umeek berea prestatzeko aukera izango dute, eta horrekin jolastuz, forma "berezi eta magikoak" lortuko dituzte, ondoren etxera eramateko.
Tailer bakoitzak bi txanda izango ditu: lehenengoa 17:30ean izango da, eta bigarrena, 18:45ean. Doakoak dira saioak, baina leku mugatuak izango dituzte. Hori hala, izen-ematea zabaldu dute antolatzaileek, eta herritarrek saio bakoitzaren bezperara arte eman dezakete izena, Aizkibel liburutegian.