Txalo produkzioak taldeak Un Oscar para Óscar antzezlana eskainiko du datorren larunbatean, hilaren 4an, Baztartxo antzokian. Jon Plazaola, Agustin Jimenez, Rebeca Sala eta Mara Guil aktoreek eskainiko dute umorez betetako antzezlana, 19:00etan hasita, eta harako sarrerak salgai daude dagoeneko entradium.com atarian, zortzi eurotan.
Honako hau da antzezlanaren sinopsia: "Ekintza Los Angeleseko kanpoaldean dagoen motel arrunt batean gertatzen da, Oscar sarien ekitaldiaren egunean. Leihoetatik, urrunean, Hollywooden kartel erraldoia ikusten da. Óscar Manzano zuzendari gazte bat da, eta haren film laburra sarietarako izendatuta dago. Motel horretara iritsi da Kultura ministro Guillermo Barrientos eta Ogasun ministro Irene Navarro lagun dituela. Bi politikariak xextran dabiltza etengabe, ez baitute elkar jasaten, eta zeremoniarako ordu batzuk falta direla, hara non agertzen den Óscarren gelan Pauline neska gaztea, Guillermok ezkutuan kontrataturiko escort girl bat, Óscarren neska lagunarena egiteko galan eta alfonbra gorrian. Laukote ezinezko honek beren bizitzetako gaurik eroena biziko du motel isolatu horretan, gizaki guztiok elkartzen gaituen zerbaitetan kateaturik: ametsak, eta ametsok lortzeko bidean galtzen den guztia".