'Bidasoa 2018-2023' dokumentala eta 'Rally road racers' filma emango dituzte asteburuan Baztartxon

Ane Olaizola 2023ko urr. 31a, 09:29

'Bidasoa 2018-2023' dokumentalaren irudi bat.

Bidasoan hildako migratzaileak oroitzen dituen Bidasoa 2018-2023 dokumentala igandean eta astelehenean emango dute, eta igande arratsaldean, Rally road racers filma ikusi ahal izango dute umeek.

Dokumental eta film emanaldi banarekin ekingo dio Baztartxo antzokiak azaroko programazioari. Hain zuzen, Fermin Muguruzak zuzendutako Bidasoa 2018-2023 dokumentala ikusteko aukera izango da igandean eta astelehenean —ikuslearen eguna—, 19:30ean eta 20:00etan, hurrenez hurren. Horrez gain, igandean, 17:00etan, umeei zuzendutako Rally road racers filma eskainiko dute. Larunbatean ez da film emanaldirik izango, Un Oscar para Oscar antzezlana eskainiko dutelako.

2018ko udan Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasabide batzuek itxi eta kontrolak ezarri zituen Frantziak, Europako gainontzeko herrialdeetara migratzaileen sarrera eragozteko; Bidasoa 2018-2023 dokumentalak ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileren lekukotzak jaso ditu, besteak beste, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkarienak. Horrez gain, Bidasoan hil diren migratzaileak ere gogoan ditu.

Rally road racers animaziozko filmaren sinopsia, berriz, honakoa da: "Munduko auto gidaririk onenak helburu berarekin biltzen dira: arrisku gehien dituen zirkuituan zoroenean araurik gabe lehiatzea. Txinako Silk Road ibilbideko ospetsuena da lasterketa. Nor izango da irabazlea?".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide