Zientzia fikziora salto egin du Juan Luis Zabalak 'Dimisioa' liburuarekin

Ane Olaizola 2023ko urr. 30a, 14:16

Juan Luis Zabala, gaur, 'Dimisioa' liburua aurkezten. (Susa)

Dimisioa (Susa) narrazio liburua aurkeztu du idazleak gaur, eta "egungo politiken biharko agertoki posibleak" dira hark zientzia fikziora egin duen hurbilpenean irudikatu dituenak.

Juan Luis Zabalak (Azkoitia, 1963) Dimisioa narrazio liburua kaleratu du Susa argitaletxearen eskutik. Idazleak gaur aurkeztu du azken lana, eta "egungo politiken biharko agertoki posibleak" dira idazleak zientzia fikziora egin duen hurbilpenean irudikatu dituenak.

Gizakiak "dimititu" egin du Zabalak sortutako istorioan, eta AGK Agintaritza Global Konputarizatuaren eskuetan gelditu da mundua. "Dena da berria hemen: BKS Banakako Konexio Sistema, IZE Ilargiko Zerbitzu Estazioa, ONO Osasun Neurgailu Orokorra, LBG Lurraren Behaketarako Sateliteak, COVID-37 gaitz birikoa… Azkar etxekotu ditu gizakiak, ordea, eta Donostiako kaleetan androide polizien azpitik dabil orain, Arbas haranean bizikleta gainean hegan, Ilargitik jaiotetxearen eraisketa behatzen. Euskal Herri independentea, iritzilari neuronala, zituenik ez zekien umeen aita, Bowieren itzala, Marteko margolari helduaren desira, adimen artifizialaren meneko editorea eta beste gurutzatzen dira, hala, hamabost kontakizun hauetan".

Argitaletxeak azaldu duenez, irakurlearen esku dago erabakitzea Dimisioa "distopia goxoa" ala "utopia triste eta etsia" den.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide