"Azkoitiko aire-laginetan neurtutako PM10 eta partikulei loturiko gainerako konposatuen kontzentrazioa, indarrean dagoen legediak ezarritako mugen azpitik dago, eta airearen kalitatea oso ona dela esan daiteke". Horixe da Euskal Herriko Unibertsitateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa sailak Azkoitiko Udalaren aginduz egindako airearen ebaluazioaren ondorioa. Industria eta trafikoa dira partikulen isuri iturri nagusiak.
Aztertutako konposatuak honako hauek izan dira: material partikulatua, airean esekita geratzen diren partikula mikroskopikoak, industria-jardueretatik eta ibilgailuen trafikotik datozen trazadura-elementuak edo ingurumen-partikulak, eta Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoak (HAPak), hau da, errekuntza prozesuetan ikatzak, olioak, gasak, zurak eta abarrek sortzen dituztenak.
Azterketako emaitzek diotenez, artsenikoa edo kadmioa bezalako metalen batez besteko mailak ezarritako mugak baino txikiagoak dira. Nikelak puntualki gainditu du muga, baina ebaluazioaren arabera, “kasu isolatutzat” har daiteke.
Kutsatzaile atmosferikoei dagokienez, emaitzek adierazten dute PM10 partikulen kontzentrazioa 2018. urteaz geroztik egindako kanpaina guztietan oso antzerakoa izan dela, eta seihilekoen artean ere ez dute alderik ikusi. Banadioaren, manganesoaren, kobrearen eta selenioaren kontzentrazioak nabarmen egin du behera 2018. urtetik, eta murrizketa hori oso nabarmena izan da kobrearen kasuan, 2018an baino %50-60 txikiagoa izan baita.
Era berean, aurreko kanpainetan PM10 partikulekin lotutako elementu-traza maila handiagoak ikusi zituzten lanegunetan asteburuetan baino, eta horrek indartu egin du metalurgia-industria partikulen iturri izan daitekeenaren hipotesia. Hala ere, azken kanpaina honetan ez dute alde nabarmenik antzeman lanegunen eta asteburuen artean neurtutako kutsatzaile bakar batean ere, manganesoan izan ezik. Lehen aldiz aztertu dituzten Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoei dagokienez, laginen %90etik gora kuantifikazio-mugen azpitik daude.
Azkoitian, airearen kalitatearen monitorizazioa 2011z geroztik egiten dute eta airearen kalitatearen hainbat adierazleren bilketa eta analisia aztertzen dituzte. Orain bildutako datuak 2022ko lehen eta bigarren seihilekoetako kanpainetakoak dira. Aurreko azterketetan bezala, laginak Trenbidearen Zumardian dagoen kaptadore baten bidez jaso dituzte.
Emaitza horiek Gipuzkoako beste udalerri batzuetan jasotakoen antzerakoak dira. Datuak interpretatzeko, Europan eta Espainiar Estatuan indarrean dagoen legedian ezarritako balioak hartu dituzte kontuan.