Azken jardunaldiak bikainak izaten ari dira Iraurgi saskibaloi klubeko bi talde nagusientzako.
Espainiako LF2 mailako Domusa Teknik ISBk ligako laugarren jardunaldia jokatu zuen zapatu arratsaldean Basket Almedaren kontra, Azkoitiko kiroldegian. Joseba Lizarraldek gidatzen duen taldeak gaizki hasi zuen partida, eta lehen laurdena bost puntu behetik bukatu zuen. Bigarren laurdenean, ordea, joko hobearekin aurrea hartu zion Almedari, eta atsedenera sei puntu aurretik zirela iritsi ziren. Hirugarren laurdenean hamazortzina puntu lortu zituzten, eta azkenekoan Iraurgikoak gehiago izan ziren. Hala, 62 eta 53 irabazi zuen Domusa Teknik ISBk.
Hurrengo partida Bartzelonan jokatuko du Domusa Teknik ISBk Viladecansen kontra. Azaroaren 4an da partida, 18:30ean.
Zilarrezko LEB mailako Juaristi ISBk ere garaipena erdietsi zuen asteburuan, Huescaren kontra. Zapatuan, 20:15ean jokatu zuten etxetik kanpo. Emakumeen taldea bezala, gizonena ere galtzen hasi zen neurketa, lehen laurdena bost puntu behetik eginda. Hurrengo hiru laurdenetan, ordea, aurkarien gainetik jarri eta 62 eta 69 irabazi zuen Juaristi ISBk.
Hurrengo jardunaldia etxean jokatuko du Juaristi ISBk. Asteazkenean, azaroaren 1ean, Ponferradaren kontra jokatuko du, 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian.