Emakumeok Mugimenduan egitasmoaren barruan sortu duten aplikazioa herriz herri ari da aurkezten Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentua, eta urriaren 16an Zarautzen eta 17an Getarian egon ondoren, eskualdeko beste bi herritan egingo ditu geldialdiak kanpainak datorren astearen hasieran.
Urriaren 30ean, astelehenean, Azkoitian ibiliko da kanpainaren ikur den txita ibiltaria, emakumeen artean jarduera fisikoa sustatzeko gailu elektroniko eramangarrietarako sortu duten tresnaren berri emanez. Bi dinamizatzailek lagunduta, goiz eta arratsaldez ibiliko da txita herrian, 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era. Emakumeok Mugimenduan aplikazioa doakoa da, eta IOS zein Android sistema operatiboetan erabil daiteke.
Motibazioa eta sarea
Bi helburu nagusi ditu aldundiak sustatutako aplikazioak. Batetik, emakumeei egunerokoan egiten duten jarduera fisikoa erregistratzeko aukera eskaintzen die, horrela haien ohituretan eragiteko zein haiek motibatzeko; eta bestetik, egitasmoarekin bat egiten duten emakumeen sarea eratzea nahi du erakundeak, 2021ean Emakumeok Mugimenduan martxan jartzera bultzatu zuen ikerketan emakumeen artean ariketa fisikoa eta kirola egiterakoan atzemandako hainbat muga gainditzeko, hala nola bidelagun falta, denbora falta, estereotipoak edo beldurrak.