"Palestinar herriari elkartasuna" adierazteko elkarretaratzea egin dute plazan

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 27a, 08:21

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta, Palestinari elkartasuna erakusteko eta Israel egiten ari den "genozidioa" salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean plazan. Bihar Gora Palestinar erresistentzia. Sionismoa genozida lelopean Bilbon egingo den manifestazio nazionalera batzeko deia ere egin zuten.

Israelgo Estatua hiltzailea. Palestinar herriarekin elkartasuna lelopean elkarretaratzea egin zuten atzo, ostegunez, Azkoitiko plazan, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta. "Palestinar herriari elkartasuna" erakutsi ez ezik, "Israel egiten ari den genozidioa" salatu zuten. Kontzentrazioaren deitzaileek azaldu zutenez, "azken egunetan ematen ari diren gertakariek, eta egoera hartzen ari den larritasuna ikusita" erabaki zuten berriro protesta deitzea. "Israelgo Estatuak Palestinaren aurka duen ofentsiba militarra nahiz mendebaldeko herrialdeen konplizitatea" gaitzesteko.

Kontseilu Sozialistak adierazi duen, "Israelgo estatuak etengabe jazarri" dituela palestinarrak", eta hori "mendebaldeko bloke inperialistaren babesarekin" egin dutela nabarmendu zuten: "Ideologia sionista supremazistaren inguruan ardazturiko gobernuek palestinarrak desagerrarazteko estrategia izan dute urte luzez, lurren okupazioaren, torturaren eta erailketaren bitartez; betiere mendebaldeko bloke inperialistaren babesarekin. Izan ere, Israel da ekialde hurbilean mendebaldeko oligarkiak duen aliaturik garrantzitsuenetakoa, AEBekin, Europar Batasunarekin edota NATOrekin dituen hitzarmenek argi erakusten duten bezala".

Palestinan gertatzen den guztiaren aurrean eskuineko nahiz ezkerreko alderdi parlamentarioek hartutako jarrera salatu zuten atzoko elkarretaratzean: "Eskuineko alderdiek Israeli babesa adierazi diote, eta ezkerrekoek, aldiz, elkarrizketarako eta elkarbizitzarako deia luzatu dute. Azken horien esanetan, gatazkaren konponbidea bi aldeek tentsio militarra gutxituta eta negoziazioei ekinda erdietsiko da".Ezkerreko alderdi parlamentarioen posizioari dagokionez, Kontseilu Sozialistak nabarmendu zuen "bakezaletasunez mozorroturiko adierazpenek ezkutatu" egiten dutela: "Israelek eta Mendebaldeko eliteek hainbat aldiz frogatu dute, eskaintzeko prest dauden akordio posible bakarra, palestinarrei zapaltzailearen bakea inposatzea dela".

Manifestazio nazionalerako deia

Bihar, urriak 28, Euskal Herriko hamaika eragilek deituta, manifestazio nazionala egingo dute Bilbon, Gora Palestinar erresistentzia. Sionismoa genozida lelopean. Atzoko elkarretaratzearen amaieran manifestazio nazionalera joateko deia egiteko probestu zuten kontseiluko kideek, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak bat egin baitu deialdiarekin, Euskal Herriko beste Kontseilu Sozialista guztiak bezala. 18:00etan aterako da manifestazioa, Bilboko Bihotz Sakratuaren paretik. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide