Palestinarekin elkartasunean, Israelen "genozidioa" salatzeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 23a, 15:12

Kontseilu Sozialistak Azpeitian egindako elkarretaratzea. (Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)

Israelgo Estatua hiltzailea. Palestinar herriarekin elkartasuna lelo hartuta elkarretaratzea egingo dute herriko plazan, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta. Palestinari elkartasuna erakutsi eta "Israelgo Estatuak Palestinaren aurka duen ofentsiba militarra nahiz mendebaldeko herrialdeen konplizitatea" salatuko dituzte.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta, Palestinari elkartasuna erakusteko eta Israel egiten ari den "genozidioa" salatzeko elkarretaratzea izango da ostegunean, hilak 26, Azkoitiko plazan. Israelgo Estatua hiltzailea. Palestinar herriarekin elkartasuna lelo hartuta egingo dute protesta, 18:30ean hasita.

Kontzentrazioaren deitzaileek azaldu dutenez, "azken egunetan ematen ari diren gertakariek, eta egoera hartzen ari den larritasuna ikusita" erabaki dute beste elkarretaratze bat deitzea: "Beharrezkoa iruditzen zaigu gaia berriro ere kalera ateratzea eta Israel egiten ari den genozidioa salatzea". Hori dela eta, "Israelgo Estatuak Palestinaren aurka duen ofentsiba militarra nahiz mendebaldeko herrialdeen konplizitatea" salatuko dituzte, baina baita beste erakunde batzuek erakutsi duten jarrera ere. "Etxetik gertuago dauden hainbat eta hainbat erakunderen jarrera ere salatu nahi dugu: izan ere, Israelen jarrera eta Palestinarekiko elkartasun irmoa adieraztetik urrun, kontziliazioak edota adierazpen zalantzagarriak dira nagusi horien ahotan", adierazi dute Kontseilu Sozialistako kideek.

Joan zen urriaren 11n Azpeitian egin zuten kontzentrazioa Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak deituta. Orain, lelo berarekin, Azkoitian egingo dute protesta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide