Hiru puntuak eskuratu dituzte Anaitasunako bi talde nagusiek

Intza Trula 2023ko urr. 23a, 10:03

Anaitasunako gizonezkoen talde nagusiaren partidako irudia. (Anaitasuna)

Anaitasunaren gizonen talde nagusiak etxean lehen garaipena eskuratu zuen larunbat arratsaldean: 2-0 gailendu ziren azkoitiarrak Touring taldearen aurka. Nesken taldeak, berriz, atzo jokatu zuen partida eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Oiartzungo taldearen aurka 0-3 irabazita.

Asteburu borobila izan da Anaitasunako talde nagusientzat. Gizonezkoek etxean jokatu zuten larunbatean Touring taldearen aurka eta denboraldiko bigarren garaipena poltsikoratu zuten 2-0 irabazi ondoren. Emakumezkoak, berriz, Oiartzunen aurka lehiatu ziren, eta denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuten, 0-3. 

Touring taldea hartu zuen mendean larunbatean Anaitasunako gizonezkoen talde nagusiak. Lehenengo hamabost minutuetan ez batak ez besteak arrisku handirik sortu ez bazuen ere, 18. minutuan lortu zuen Pastrian kapitainak baloia hiru zutoinen artean sartzea. Markagailua alde zutela joan ziren atsedenaldira azkoitiarrak.

Gogotsu atera ziren taldeak bigarren zatian eta biak saiatu baziren ere 73. minutuan Anaitasunakoei heldu zitzaien saria; Mikel Aramendik Touring taldearekiko aldea handitu zuen bigarren golarekin. 86. minutuan izan zuten hirugarrena sartzeko aukera azkoitiarrek baina azkenean 2-0 amaitu zuen markagailuak eta hiru puntuak etxean geratu ziren.

Denboraldiko lehen garaipena

Emakumezkoen taldeak, aldiz, igandean jokatu zuen jardunaldiko partida, Oiartzungo Karla Lekuona futbol zelaian. Hasieratik izan zuen kontrolpean partida Anaitasunak eta 10. minutuan jarri zen aurretik, Juneren golari esker. Atsedenaldira 0-1 joango zirela bazirudien ere, 43. minutuan korner bati esker partidako bigarren gola sartu zuen Oihanak. 

Bigarren zatian aldea handitzeko asmoz zelairatu ziren neskak, eta baita lortu ere: 58. minutuan sartu zuen gola Maiderrek. Emaitzari eutsi zioten azkoitiarrek partida amaierara arte, eta denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratu zituzten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide