Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeak Solidaritate pintxoa egitasmoa eta bigarren eskuko denda prestatu dituzte hurrengo larunbaterako, hilaren 28rako. Ohi bezala, Kontzejupean pintxoak salduko dituzte goizean zehar, eta bigarren eskuko denda ere zabalduko dituzte. Horrez gain, Alai Batza taldeak umeentzako jolasak prestatuko ditu plazan. Bildutako dirua Cotonouko (Benin) kaleko umeen alde salestarrek dituzten proiektuetara bidaliko dute.
Antolatzaileek laguntza eskatu diete herritarrei, Kontzejupean salduko dituzten jakiak etxean presta ditzaten, hala nola pintxoak, tortillak eta bizkotxoak. Ondoren, jakiak Kontzejupera eraman beharko dituzte horiek, 09:30etik 10:30era artean. Horrez gain, bigarren eskuko dendarako produktuak ere jasoko dituzte Floreaga ikastetxean asteartera bitartean. Bestelako laguntzak ere "ongi etorriak" izango direla esan dute antolatzaileek, eta herritarrei eskerrak eman dizkiete halako egitasmoetan ematen duten "laguntza handiarengatik".