Hileta eta omenaldi zibilak egiteko ordenantza proposamena landu du Azkoitiko EH Bilduk

Ane Olaizola 2023ko urr. 20a, 12:39

Beilatokia.

"Gero eta ohikoagoa den eskaera sozialari" erantzuteko asmoz, hileta eta omenaldi zibilak arautuko dituen udal ordenantza proposamena helarazi du koalizioak, eta gainontzeko udal taldeei aurkeztuko die.

Azkoitian hileta eta omenaldi zibilak egitea arautuko duen udal ordenantzaren proposamena landu du Azkoitiko EH Bilduk, udalak "gero eta ohikoagoa den eskaera sozialari" erantzuna emateko helburuz, eta era berean, Azkoitia "herri moderno eta aurrerakoen trenean" sartuz. Koalizioak azaldu du 2017an eta aurreko agintaldian eskaera bera egin zuela, baina "aurrerapenik" jaso ez, eta berriz martxan jarri dute ekimena. Ordenantza proposamena osatuta du EH Bilduk, eta dokumentua udaleko beste taldeei batzordean aurkeztea du hurrengo egitekoa, araudia datorren urtea martxan egotea baita taldearen asmoa.

Egungo gizartea "plurala" dela kontuan izanda, hileta eta omenaldi zibilak egiteko behar soziala erlijiorik gabe bizitzea aukeratu duten herritarrei zein erlijio ezberdinetako fededunei "zeremonia duina eta pertsonala" eskaintzeko "beharra" dagoela azpimarratu du koalizioak. "Herritar horiek bizitza ulertzeko duten modua errespetatzeko, zeremonia duina eta pertsonalizatua egiteko aukera emanez, hildakoen eta haien senideen nahietara eta balioetara egokitua".

Hileta eta omenaldi zibilak egiten dituzten herriak eredutzat hartu ditu EH Bilduk ordenantza proposamena osatzeko. Era berean, hiru eremu arautu nahi ditu erabilera horretarako: batetik, beilatokia egokitzeko proiektua gauzatu nahi dute, eta gune horrek eskain ditzakeen aukerak aztertzeko eta proiektua osatzeko diru partida bat bideratzeko asmoa azaldu dute. "Gure asmoa, atzean dagoen lorategiari erabilera eman ahal izatea da eta ahal den neurrian, gorpuzkinarekin omenaldi edo zeremonia egin ahal izateko aretoa lortzea", azaldu dute.

Intsausti jauregiko zein Kultur Etxeko areto nagusiak dira proposatutako beste guneak, eta Kultur Etxean erreforma egiteko beste diru partida bat bideratzea ere nahi dutela esan dute. "Areto hori zeremoniak ospatzeko egokia izan daiteke, irisgarritasuna daukalako eta herriaren erdigunean kokatuta dagoelako". Egun, AEK-k erabiltzen du solairu hori, eta hark duen "espazio faltari behin betiko konponbidea" emango lioke proposamenak "erreforma txiki bat" eginez, eta "epe motzean" prest egoteko moduan izango litzatekeela azaldu du koalizioak.

EH Bilduk adierazi du borondatea "argia" dela: "Herri aurrerakoi eta balioetan oinarrituta eraiki nahi dugu. Gure maiteen memoria eta nortasuna errespetatuko dituen agur duina jasotzeko eskubidea gauzatzea erraztu nahi dugu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide