Azkoitiko Euskara Mahaiak herritar guztiak gonbidatu ditu datorren azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak deituta Bilbon egingo duten manifestaziora joateko. Hain zuzen, hara joateko autobusa prestatu du taldeak udalaren laguntzarekin, eta herritarrek izena eman dezakete bost eurotan, 675 85 71 11 telefono zenbakira deituta. "Ahalik eta azkarren" izena ematea gomendatu dute. Azaroaren 4an, 15:30ean aterako da autobusa, Eroski Txikiaren ondoko geltokitik.
Euskara Mahaiak azaldu duenez, azken hilabeteetan euskara eta euskaldunak "irainduak eta zapalduak" izaten ari dira epaitegi "euskarafoboen" epaien bitartez. Horretarako argudio "lotsagarriak" erabiltzen dira direla salatu du taldeak, euskara hizkuntza "zaila" dela ikasteko edota udal harremanetan euskara ezin dela lehenetsi ebatzi baitute auzitegiek. " Argi eta garbi azaldu nahi digute euskaldunoi ez digutela euskaraz bizitzen laga nahi, ahalik eta oztopo gehien jartzen jarraituko dutela". "Oldarraldi judizialen" aurrean, herritarrek "erantzun irmoa" emateko garaia dela azpimarratu dute.
Azkoitiko Euskara Mahaiak Azpeitiko eta Zestoako udalekin antolatu du Bilborako joan-etorria. Azpeitian, Sanagustin kulturgunean eros daitezke txartelak, eta Zestoan, Portale kultur elkartean.