'Anbotoko Mari' antzezlan multimedia eskainiko dute larunbatean, Baztartxon

Ane Olaizola 2023ko urr. 17a, 14:52

Logela Multimediak ekoitzitako obra 18:00etan hasiko da. 3 eta 10 urteko umeei zuzendutako lana da, eta hainbat diziplina uztartzen ditu: besteak beste, antzerkia, bideo-animazioa eta musika.

Logela Multimediak Anbotoko Mari 3 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako antzezlan multimedia eskainiko du datorren larunbatean, hilaren 21ean, Baztartxo antzokian. 18:00etan hasiko da emanaldia, eta hainbat diziplina uztartzen ditu obrak, hala nola antzerkia, bideo-animazioa, interakzioa eta musika.

Sarrerak eros daitezke dagoeneko, lau eurotan. Aurrez, azkoitia.eus/agenda edo entradium.com atarietan eskura daitezke, eta egunean bertan leihatilan ere salduko dituzte.

Honako hau da antzezlanaren sinopsia: "Gari, mutiko txoro bat, lagunekin haserretu eta bakarrik abiatuko da Anbotora. Mariren haitzuloan sartu eta harri magiko bat aurkituko du. Harria bertan uzteko esaten dion ahotsari kasurik egin gabe, lapurtu eta alde egingo du, harria lagunei erakusteko asmoarekin. Anbotoko Mari atzetik abiatuko zaio mendirik mendi eta Garik gero eta magia txoroagoak egingo ditu harriarekin, Marik harrapa ez dezan. Marik Tartaloren, iratxoen eta beste jeinu batzuen laguntza eskatu beharko du harria berreskuratzeko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide