Jon Sarasuak etorkizuneko egoera sozio-linguistikoa izango du jomugan bihar, Elkargunean

Ane Olaizola 2023ko urr. 17a, 09:50

Jon Sarasua, Azkoitian emandako hitzaldi batean.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskaldunon Eskola udazkenean egitasmoaren barruan, Euskararen etorkizun-ikuspegiaz hitzaldia eskainiko du soziologoak.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Euskaldunon Eskola udazkenean egitasmoaren azken aurreko hitzaldia izango da bihar —asteazkena—. Jon Sarasua soziologia irakasle, idazle eta pentsalariak eskainiko du saioa, eta aurreko hizlariak bezala, hura ere euskararen bueltan arituko da solasean; Euskararen etorkizun-ikuspegiaz da Sarasuaren hitzaldiaren izenburua. Hain zuzen, datozen hamarkadetan Euskal Herriko egoera sozio-linguistatikoa nola irudikatzen duen azalduko du hizlariak saioan, eta horren zantzuak ere plazaratuko ditu.

18:00etan hasiko da hitzaldia, Elkarguneko Oteiza aretoan. Toki mugatua ditu saioak, eta elkarteko bazkideek lehentasuna izango dute harako. Whatsappez (675 85 71 11) edo posta elektronikoz (maxixatzen@maxixatzen.eus) eman daiteke izena.

Hurrengo asteazkenean, hilaren 25ean, izango da Euskaldunon Eskola udazkenean egitasmoaren azken saioa. Gazteak eta hizkuntz-ondoeza. Azalberritzearen erronka izenpean, Jone Miren Hernandezek eta Jaime Altunak itxiko dute programa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide