Denboraldiko lehen garaipena lortu du Anaitasunaren gizonen taldeak

Andoni Elduaien 2023ko urr. 13a, 09:53

Mikel Pastrian kapitainaren golak aurreneko garaipena eman zion Anaitasunari. (Anaitasuna)

Gizonen taldeak denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuen atzo, osteguna, Gasteizko Los Astronomos zelaian San Ignaciori 1 eta 2 irabazi eta gero. Emakumeen taldeak, berriz, Txerloian jokatu zuen, eta neurketaren azken hondarrean galdu zuen poltsikoan zuen puntua (0-1).

Jai eguna izanik, atzo, osteguna, jokatu zituzten Anaitasunaren lehen taldeek aste honetako jardunaldiko partidak. Gizonek denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuten San Ignacio taldeari Los Astronomos zelaian 1 eta 2 irabazita. Emakumeek, berriz, ezin izan zuten punturik batu. 0 eta 1 galdu zuten Elorrioren aurka Txerloian, gola partidako azken hatsean jasota.

Txema Añibarroren gizonen taldeak hiru puntu batu zituen Gasteizen; hala, sasoi honetako aurreneko garaipena (1-2) eskuratu zuen Hirugarren Mailako taldeak. Dena den, lehia ez zen ondo hasi Anaitasunarentzat; izan ere, hasi eta laster egin zuten gasteiztarrek gola. Ordea, gorritxoek ondo erreakzionatu zuten aurkakoa zuten egoeraren aurrean. Ander Arabaolazak penaltiz egin zuen banakoaren gola, 26. minutuan, eta handik lau minutura, markagailua irauli zuten azkoitiarrek. Kontraerasoan ondo atera zen taldea, eta Mikel Pastrianek ezin hobeto borobildu zuen jokaldia, hala taldea aurretik jarriz. Maila onean itxi zuen lehen zatia Añibarroren taldeak, aurkariaren arean min eginez.

Bigarren zatian, ordea, azkoitiarrek lan gehiago egin behar izan zuten defentsan. Lehen hamar minutuetan Gorka Masach atezainak bi gelditu on egin zituen, bata bestea baino hobea, eta Anaitasuna garaipenaren bidean mantendu zuen hark. Gasteiztarrek gogotik estutu zuten Anaitasuna bigarren zati osoan, baina gorritxoek hortzak estututa eutsi zioten abantailari.

Aurreko bost jardunaldietan garaipenen bat edo beste lortzeko merituak egin ditu Añibarroren taldeak, baina atzo iritsi zen gorritxoentzako aurreneko poza. Hilaren 21ean, larunbatez (17:00), Errenteriako Touring taldea izango du aurkari Anaitasunak; etxean aurreneko aldiz irabazi eta sailkapeneko lehen erdien barruan sartzea izango dute jomuga gorritxoek. 

Berriz ere azken unean

Mikel Barquerok zuzentzen duen emakumeen taldeak, bestalde, burua altxatu ezinik jarraitzen du. Atzo, beste behin, neurketaren azken minutuetan okertu zitzaien neurketa. Elorrioren aurka jokatu zuten Euskal Ligako gorritxoek, sailkapenaren goiko zatian den taldearekin neurtu zituzten indarrak azkoitiarrek. Lehen zatian, bizkaitarrek kontrolatu zuten lehia, eta arrisku gehiagorekin hurbildu ziren Anaitasunaren atera. Dena den, hutsean iritsi zen norgehiagoka atsedenaldira.

Bigarren erdian, hartu-emanean hasi zuten lehia bi taldeek. Etxekoek eraso egin zuten aurrena Elorrioren atean, eta elorriarrek gero. Anaitasuna lehen zatian baino oldarkorrago aritu zen 45. minututik aurrera, gola gertu izan zuten Barquerorenek; Enara Anduezak langara bidali zuen baloia 60. minutuan. Ordea, azken minutuetan Elorriok sortu zituen abaguneak, eta partida luzapenean sartzear zela, garaipenaren gola egin zuten bizkaitarrek.

Sei partida jokatuta, puntu bakarra batu dute gorritxoek, eta sailkapeneko beheko postuetan da. Datorren asteburuan, oraindik punturik eskuratu ez duen Oiartzun 'B' taldea izango dute kontrario Barquerorenek; arnasa emango dien garaipena lortzen eta sailkapeneko gora egiten saiatuko dira orduan azkoitiarrak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide