Azkoitiko hiri gutunaren 700. urteurreneko ekitaldiak antolatzeko batzordea osatuko du udalak

Iraia Oteiza 2023ko urr. 13a, 09:00

Batzorde hori eratzeko bilera egingo dute astelehenean, 19:30ean, Elkarguneko Oteiza aretoan. Pertsona, kolektibo eta elkarte oro topaketan parte hartzera gonbidatu du udalak.

Azkoitiko herriak hiri gutuna jaso zuela 700 urte beteko dira 2024an, Alfonso XI.aren garaian jaso baitzuen izendapen hori. Hori horrela, udalak batzorde bat sortu asmoa du urteurreneko ospakizunak prestatzeko eta gertaera historiko hura gogora ekarriko duten ekitaldiak antolatzeko. Gaia jorratzeko, udalak bilera irekia deitu du astelehenerako, urriaren 16rako. 19:30ean izango da topaketa, Elkarguneko Oteiza aretoan.

Batzordea alderdi politiko guztietako ordezkariek osatuko dute, eta Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak gidatuko du mahaia. Bertan parte hartu eta ekarpenak egin nahi dituen pertsona, kolektibo eta elkarte oro gonbidatu ditu udalak datorren asteleheneko topaketara. Joan ezin duenak baina parte hartu nahi duenak, udaleko Kultura batzordearekin harremanetan jartzeko aukera izango du kultu@azkoitia.eus helbidera idatzita eta bertan bere telefono zenbakia adierazita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide