Energia komunitatea sortzearen inguruko hausnarketa saioa izan zen atzo Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Ingurumen Mahaiak eta Azkoitiko Udalak antolatuta, tokiko hiru komunitate energetikoetako kideek euren ezagutzak eta esperientziak partekatu zituzten, Tokiko komunitate energetikoak. Inguruko esperientziak ezagutu nahi? izeneko saioan. Hala, Ekiola kooperatiben ereduaz aritu zen Hodei Arzak, Goiener kooperatibaren energia burujabetzako esperientziak azaldu zituen Leire Ugartek, eta Elgetako Ixotzen energia berriztagarrien komunitatearen inguruko nondik norakoak jorratu zituen Enaitz Ezpeletak.
Ingurumen Mahaiaren kide diren elkarteek, eragileek eta herritarrek ingurumenaren aurrean dituzten erronkak jorratzeko lanean dihardute. Bi arlo jarri dituzte, bereziki, jomugan: energia burujabetza eta elikadura burujabetza. Behin energiari buruzko hausnarketa saioa eginda, trebakuntza eta hausnarketa saio ireki gehiago antolatuko dituzte aurrera begira.