Komunitate energetikoen inguruko saioa antolatu dute Ingurumen Mahaiak eta udalak

Iraia Oteiza 2023ko ira. 27a, 16:00

Tokiko Komunitate Energetikoak. Inguruko Esperientziak Ezagutu Nahi? izeneko saioa urriaren 2an, astelehena, 18:00etan izango da Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Ekiolak, GoiEner-ek eta Elgetako komunitateak hartuko dute parte saioan.

Azkoitiko Udalak, Herrilab+700 izeneko parte hartze egitasmoaren barruan jasotako eskaerari erantzunez, Ingurumen Mahaia sortzeko eta egituratzeko prozesua abiatu zuen 2022ko irailean. Orduz geroztik, Mahaiaren kide diren elkarte, eragile eta herritarrek, ingurumenaren aurrean dituzten erronkak jorratzeko lanean dihardute. Ibilbide horretan, trebakuntza eta hausnarketa saio irekiak antolatu dituzte, eta datorren astelehenean izango da lehendabizikoa. Tokiko Komunitate Energetikoak. Inguruko Esperientziak Ezagutu Nahi? izeneko saioa urriaren 2an, astelehena, 18:00etan izango da Elkarguneko Herriko plaza aretoan. 

Ingurumen Mahaiak bi arlo jarri ditu, bereziki, jomugan: energia burujabetza eta elikadura burujabetza. Energiari buruzko hausnarketa saioa izango da lehenengoa. Hala, Ekiola Kooperatiben ereduaz arituko da Hodei Arzak, GoiEner-en energia burujabetzako esperientziak azalduko ditu Leire Ugartek, eta Elgetako Ixotzen Energia Berriztagarrien Komunitatearen inguruko nondik norakoak jorratuko ditu Enaitz Ezpeletak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide