Gipuzkoako Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeak, Zuk jakitea nahi dut... izeneko gida prestatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Gida horrek, adinekoen zaintza era partekatu eta adostu batean eta errespetuz planifikatzen laguntzea du helburu.
Aldundiak jakinarazi duenez, pertsona bakoitzaren lehentasunak kontuan hartuta osatutako gida praktikoa da. Egunerokotasunean edo aldaketa uneetan erabakiak hartzen lagunduko duen tresna osatu nahi izan dute, pertsonei, haien familiei, lagunei edo haien laguntzaileei zuzendutako jarraibide sinpleak adieraziz. Dokumentu irekia da, eta pertsona bakoitzak modu desberdinean bete dezake, bere lehentasunen arabera.
Gida horren funtzionamenduaren xehetasun guztiak azaltzeko, Azkoitia Lagunkoiak saio informatiboa antolatu du urriaren 3an, asteartea, 18:00etan, Azkoitiko Elkarguneko Oteiza aretoan.
Horretaz gain, eta tresna hori hobeto ezagutarazteko asmoz, Aldundiak beste zenbait hitzaldi ere antolatu ditu Gipuzkoako udalerri ezberdinetan. Bilera sektorialak ere egingo dituzte erakunde eta udalekin, eta gutunak bidaliko dituzte gizarte zerbitzuen erabiltzaileak diren pertsonen etxeetara.
Edozein zalantza argitzeko, Aldundiak jarri duen 943-24 48 35 telefonora deitu edo zukjakiteanahidut@gipuzkoa.eus helbidera idazteko aukera dago.