Dozenaka pertsona bildu ziren atzo Azkoitiko Elkargunean Gaizka Aranguren historian doktoreak eskainitako hitzaldian. Mendien iruditegiaren inguruan mintzatu zen Aranguren, Mendiak iruditeri kolektiboan: Zein leku dute mendiek Euskal Herrian? izeneko saioan."Edozein giza kolektibok bere iruditeri propioa garatzen du. Kide gehienek partekatzen dituzten erreferenteetan oinarritzen da egitura immaterial hori. Kulturen arteko harremana ulertzen laguntzen digun Zoparen Teoria Orokorra eltze bakoitzean egosten denaz mintzo zaigu. Komunitate baten identitatea elikatzen duen zopari zaporea ematen diote lapikoaren inguruko paisaia naturalak eta kulturalak. Paisaia horien osagaiak dira giza kolektibo zopazalearen imajinarioa osatzen duten erreferenteak. Euskal Herrian, mendiak dira, ziur aski, zoparen osagai horietako bat. Zergatik den horrela jakin ahal izatea, ordea, ez da hain erraza...", azaldu zuen Arangurenek hitzaldiaren une batean.