Jone Urkizuk irabazi du Guara Somontano ultra traila

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 26a, 14:33

Jone Urkizu irribarretsu, Guara Somontano ultra trailaren helmugan. (@ultratrailsomontano)

Emakume azkarrena ez ezik, sailkapen nagusian 21.a izan zen Azkoitian bizi den azpeitiarra Huescako Guarako mendietan (Espainia) jokatutako 102 kilometroko proban.

Jone Urkizuk garaipen ederra lortu zuen joan den asteburuan, Guara Somontano mendi lasterketetako proba luzeena, ultra traila, bereganatuta. Huescako Guarako mendietan (Espainia), 102 kilometro eta 5.000 metro positiboko desnibela zituen proba osatzeko hamasei ordutik gora behar izan zituen Azkoitiko bizilagunak: 16.23.14.38 izan zen, hain zuzen ere, bere marka. Bigarren sailkatu zen Harriet Kjaer danimarkarrari hemezortzi minutuko aldea (16.41.14,47) atera zion azpeitiarrak, eta ordubetetik gorakoa (17.48.38,26), berriz, emakumeen podiuma osatu zuen Marie Laure Lavigne frantziarrari.

126 korrikalarik eman zuten izena Guara Somontano ultra trailean, eta horietatik 96k lortu zuten proba bukatzea. Lehendabiziko emakumea ez ezik, lasterkari guztien artean 21.a izan zen Urkizu: Hamar emakumek lortu zuten lasterketa osatzea, eta podiumeko hirurak beteranoen mailakoak ziren.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide