Ados Pilota elkarteak hirugarrenez antolatutako Plazaz Plaza txapelketaren finala jokatuko dute larunbatean Azkoitian. Zabaleta eta Mujikak eta Iturriaga eta R. Larramendik osatutako bikotea arituko da nor baino nor lehian, 19:00etan, Goiko Losa frontoian.
Joan zen larunbatean, hilaren 23an, jokatu zuten txapelketako bigarren finalerdia Etxaurin (Nafarroa), eta orduan geratu zen erabakita nortzuk izango ziren bi bikote finalistak. Nafarroara joango dira, beraz, Plazaz Plaza txapelketaren aurtengo txapelak, leitzarrak eta eulatearrak baitira bi bikoteak.
Bestalde, finaleko partida hasi baino lehen ere pilotak hartuko du tartea Goiko Losan. Izan ere, 18:00etatik aurrera neskatoen pilota partidak izango dira han.