Punturik eskuratu gabe igaro dute asteburua Anaitasuna futbol taldeko lehen taldeetako neska-mutilek, biek ala biek galdu egin baitituzte ligako norgehiagokak.
Gizonezkoei dagokienez, Hirugarren Mailan den Anaitasunako taldeak Derioren aurka jokatu zuen partida larunbat arratsaldean, Txerloian. Gorrixek nagusi izan ziren aurreneko zatian, hirugarren minutuan Derioren gola iritsi bazen ere, Anderrek bi gol sartu zituelako, bata 15. minutuan eta bestea 45.ean. Bigarren zatian, baina, egoera okertu egin zitzaion Anaitasunari. 49. minuturako, bizkaitarren bigarren gola iritsi zen eta 85. minutuan sartu zuten hirugarrena. Azkenean, 2-3 galdu zuten gizonezkoek neurketa.
Emakumezkoek Euskal Ligako hirugarren partida jokatu zuten atzo, igandea, Ugaoko (Bizkaia) Ugao taldearen aurka, Arandia futbol zelaian. Hamargarren minutuan iritsi zen etxekoen lehenengo gola, eta 45. minutuan bigarrena ere sartu zuen talde bizkaitarrak. 80. minutuan iritsi zen gorrixen gola, Libek sartu zuen penaltiz. Hala ere, Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeak ezin izan zuen neurketa irauli azken minutuetan, eta 2-1 amaitu zuten neurketa emakumezkoek.