Bulego taldeak 'Aldatu Aurretik' diskoa kaleratuko du abenduan

Ane Olaizola 2023ko ira. 22a, 10:15

Bulego musika taldeko kideak. (Argazkia: Bulego)

Etapa berri bat hasi duela azaldu du Bulego taldeak, eta "estilo pertsonal eta intimistago" batean murgildu da. Lehen aurrerapen abestia kaleratu du: Zure Begi Horiek.

Bulego taldeak Aldatu Aurretik diskoa kaleratuko du abenduaren 4an, Panda Artist agentziaren zigilupean, eta lan berriaren lehen aurrerapena entzungai jarri dute: Zure Begi Horiek. Youtube atarian ikus daiteke abestiaren bideoklipa atzotik.

Egun, Tomas Lizarazuk, Xabier Arrietak eta Ruben Lizarraldek osatzen dute Bulego, eta taldeak azaldu duenez, estiloz aldatu da Tomas Lizarazu abeslari eta konpositorea aita izan ostean. Hain zuzen, eraldaketa horren "begirada intimoa" eskaintzen du Bulegok, eta proiektuari "bizia" ematen dion "inspirazio iturri agorrezina den umeak" hartzen du protagonismoa. Buruko osasuna eta inguruko gauza onak aintzat hartzearen garrantzia gogoraraztea da taldearen asmoa lan berrian. "Abesti hau sormen-blokeo betean jaio zen, une horretan dena beltz ikusten nuen (...). Nire alaba jaioberriaren irribarrea ikusteak errealitate dosi bat eskaini zidan, gauzak argi berri batekin ikusarazi zizkidan", azaldu du Lizarazuk.

Barbara Fernandezek zuzendu du bideoklipa, eta Eñaut Gaztañagak grabatu eta nahastu. Ekoizpenean ere parte hartu du hark. Abestiaren masterizazioa, berriz, Erresuma Batuko Metropolis estudioak egin du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide