Abendura arteko kultur programazioa iragarri du udalak

Iraia Oteiza 2023ko ira. 21a, 14:00

Los Zopilotes Txirriaos taldea kontzertu batean.

Urte amaierara bitartean herrian izango diren kontzertuen, ikuskizunen eta antzezlanen programazioa iragarri du udalak. Orotara, hamar emanaldi izango dira.

Irailaren 29tik abenduaren 30era arte Azkoitian izango diren kultur ekitaldien berri eman du udalak. Kontzertuei dagokienez, irailaren 29an izango da lehena: Hauek taldeak Elkargunean eskainiko du bere lehen kontzertua. Urriaren 7an, Esti Markezen kontzertua izango da Baztartxo antzokian, eta azaroaren 18an, Los Zopilotes Txirriaos taldeak joko du Herriko plazan. Abenduaren 16an, Golden Apple Quartet taldeak agurtzeko antolatu duen biraren baitan ¡Vamos que nos vamos! ikuskizuna eskainiko du, eta urtea agurtzeko, berriz, abenduaren 30ean, Goiko Gela taldea izango da Baztartxo antzokiko oholtza gainean Elvis Gospel izenburua daraman emanaldia aurkezteko.

Antzerkia Txalo Produkzioak-en eskutik iritsiko da Azkoitira. Oraingoan, Un Oscar para Óscar antzezlana aurkeztuko dute azaroaren 4an eta Jon Plazaola, Agustin Jimenez, Rebeca Sala eta Mara Guil aktoreek, Mario Hernandezen zuzendaritzapean, komediazko emanaldia eskainiko diete ikus-entzuleei. Abenduaren 2an, berriz, Kanpora sartzen antzezlana taularatuko dute Sabin Fernandezek eta Intza Alkainek

Haurrei zuzendutako hainbat hitzordu ere bada egitarauan. Urriaren 21ean, Anbotoko Mari antzezlana izango da eta, azaroaren 11n, Loti Ederrak taularatuko dute. Behin abenduan sartuta, 23an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango dira Azkoitian.

Sarrerak eskuragarri daude www.azkoitia.eus/agenda eta www.entradium.com atarietan. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako sarrerak aurrerago jarriko dira salgai.

Jarraian, udalak urte amaierara bitartean prestatu duen kultur programazio osoaren egutegia:

  • Irailak 29, ostirala: Hauek talde azkoitiarraren kontzertua, Elkargunean, 22:30ean. Sarrera: 5 euro.
  • Urriak 7, larunbata: Esti Markezen kontzertua, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Sarrera: 10 euro.
  • Urriak 21, larunbata: Anbotoko Mari haurrentzako antzezlana, Baztartxo antzokian, 18:00etan. Sarrera: 4 euro.
  • Azaroak 4, larunbata: Un Oscar para Óscar antzezlana, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Sarrera: 8 euro.
  • Azaroak 11, larunbata: Loti Ederrak haurrentzako antzezlana, Baztartxo antzokian, 18:00etan. Sarrera: 4 euro
  • Azaroak 18, larunbata: Los Zopilotes Txirriaos taldearen kontzertua, herriko plazan, 23:00etan. Sarrera: doan.
  • Abenduak 2, larunbata: Kanpora sartzen antzezlana, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Sarrera: 8 euro. 
  • Abenduak 16, larunbata: Golden Apple Quartet taldearen kontzertua, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Sarrera: 12 euro.
  • Abenduak 23, larunbata: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, Baztartxo antzokian, 16:00etan eta 18:30ean. Sarrera: 6 euro.
  • Abenduak 30, larunbata: Goiko gela taldearen kontzertua, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Sarrera: 8 euro.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide