Azkoitiko Udalak, Gipuzkoako Urak enpresaren bidez, Floreaga auzoko Aretxabaletako ur-depositua birgaitzeko lanak hasiko ditu datozen egunetan. Erakundeak jakinarazi duenez, "iraila amaieran" hasiko dira ur-depositua konpontzeko lanekin. Esku-hartzearen helburua "egituraren egoera orokorra hobetzea" dela adierazi du udalak; izan ere, herriko erakundeak Gipuzkoako Urak enpresarekin sinatutako akordioaren esparruan"zaharkituta edo antzinatasunagatik hondatuta" egon daitezkeen egiturak "pixkanaka eta etengabe" eraberritzen ari da udala.
Aretxabaletako ur-deposituaren kasuan, askotariko lanak egingo dituzte: "Biltegiaren hodietan, giltza-ganberan, forjatuaren zati batzuetan edota zutabeetan egingo dira lanak, herdoilduta daudelako eta horrek hormigoi zatiak erortzea eragin dezakeelako", azaldu du udalak.
Lanek zortzi aste iraungo dute "gutxi gorabehera", eta Iretsa ingeniaritza enpresak egingo ditu. Aurrekontua 87.848,94 eurokoa da (BEZa barne).