Aurkez daitezke Bizenta Mogel ipuin lehiaketarako lanak

Ane Olaizola 2023ko ira. 19a, 10:21

Idazleek urriaren 31ra bitartean dute ipuinak udaletxera bidaltzeko aukera, eta epaimahaiak abenduaren 16an hartuko du saridunen gaineko erabakia.

Azkoitiko Udalak eta Azkoitiko Kultur Elkarteak prest dute Bizenta Mogel ipuin lehiaketaren 42. aldia. Izan ere, antolatzaileek lehiaketaren oinarriak argitaratu dituzte, eta horrenbestez, herritarrek bidal ditzakete lanak.

18 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete lehiaketan, eta horiek euskarazko ipuinak aurkeztu beharko dituzte urriaren 31ra bitartean. Lau eta hamar orri arteko istorioak izango dira, orriaren alde batetik bakarrik eta tarte bikoitzez idatziak. Azkoitiko udaletxera (Herriko enparantza z/g. 20720, Azkoitia) bidali behar dira ipuinak, izenpeturik, eta horrekin batera, gaitzizen berbera daraman kartazal itxi bat ere aurkeztu beharko da. Kartazal horretan egileak bere datu pertsonalak zehaztuko ditu. Lanek originalak eta inon argitaratu gabeak izan beharko dute.

Epaimahaiak abenduaren 16an hartuko du erabakia, eta hiru sari banatuko dituzte: irabazleak 700 euro eta oroigarriak jasoko ditu; bigarren sarituak, 500 euro eta oroigarria; eta hirugarrenak, 400 euro eta oroigarria.

Antolatzaileek azpimarratu dute Bizenta Mogel ipuin lehiaketak iraun badu, "idazleei eta irakurleei esker" izan dela. "Hogeitaka ipuin aurkeztu izan ohi dira urtero, eta aurten ere sustatzaileek idazleak parte hartzera animatu nahi dituzte, ipuinik gabe ez baitago lehiaketarik".

Udalak gogoratu du ipuin lehiaketaren helburua dela Bizenta Mogel euskaraz idatzi zuen lehen emakumea oroitzea, baita euskara eta berdintasuna aldarrikatzea ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide