Joan zen larunbatean, hilaren 16an, pintura botanikoaren inguruko tailerra egin zuten Arrumarrate baserrian, Baserriloreak egitasmoak antolatuta. Iñigo Borda artista azkoitiarrak gidatu zuen saioa, eta goizetik eguerdira bitartean, 09:30etik 14:00etara, hainbat teknika erabiliz askotariko landareak marraztu zituzten tailerrera animatu zirenek. "Marrazkiaren edo edozein adierazpen piktorikoren bidez lorategi bateko bizitzara hurbildu nahi dutenei" zuzenduta antolatu zuten hitzordua, eta dozena inguru lagun animatu zen tailerrera.
Irailaren 23an, larunbatez, beste saio bat egingo dute, Garbiñe Larreak gidatuta. Koaderno Botanikoaren bosgarren saioa izango da hori, eta basa landareak bildu eta horien inguruan gehiago jakiteko aukera izango dute bertaratzen direnek.