Txalintxo tabernak jakinarazi duenez, salaketa jarriko du Ernairen aurka, gazte antolakundeak joan den abuztuaren 26an Uztarria Azpeitiko atarian egin zituen "akusazioen" harira.
Gazteok argi daukagu: eraso sexisten aurrean, armatuta gaude! izenpean, Azpeitiko Ernaik azaldu zuen, abuztuaren 18an, andremarietako Kuadrillen Egunean, bi emakumek sexu erasoa jasan zutela Txalintxo tabernan. Haiek zerbitzariei jakinarazi ostean, "erantzun lotsagarriak" jaso zituzten emakumeek Ernairen arabera, "gertatutakoari garrantzia kenduz, axolagabekeria erakutsiz eta tabernatik alde egiteko oihukatuz". Hori hala, Ernaik erasoaren konplizetzat jo zuen taberna. "Erasotzeko beste modu bat da, azken finean", gaineratu zuen taldeak.
Tabernak ohar bidez azaldu du "ustezko sexu eraso batzuei" buruz hitz egiten dela Ernairen testuan, eta Txalintxoko tabernariak "erasotzaile eta konplize bezala" agertzen direla.
Adierazpen horien aurrean, Txalintxo tabernak hedabide honi azaldu dio "behin baino gehiagotan" saiatu dela Ernairekin hitz egiten, baina haiek ez dutela "ezer jakin nahi" izan. Ernaik egindako "akusazioak oso larriak" dira tabernaren ustez, eta horregatik epaitegietara jotzea erabaki dute.