Esteban Elizondo organistak La Música para órgano escrita en España entre 1880 y 1980 izeneko bere liburua aurkeztuko du larunbat eguerdian, irailaren 16an, Azkoitiko parrokian. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 50 musikagilek idatzitako organorako musikaz dihardu liburuak, eta Eduardo Torresek eta Jose Ignacio Prietok sortutako obrak ere kontagai ditu, Elizondok azpimarratu duenez, Euskal Herriarekin dituzten lotura bereziak direla eta. Horrela, katalogo horri Espainian 1880 eta 1980 urteen artean organorako idatzitako lanak ere gehituta, 175 konpositorek idatzitako 1.900 obra baino gehiagorekin osatutako liburua da.
Elizondok aipamen berezia egin dio liburuan Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian dagoen Cavaillé-Coll (1898) organoari, bere 125. urteurrena gogoraraziz. Halaber, aipamen berezia egin die Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari, Azkoitiko Insausti jauregiari eta Espiritu Santuaren kaperari, azken honen inguruan argazki erreportajea ere osatuta.
Liburu aurkezpenarekin batera, kontzertua eskainiko du.