145 lagunek eman dute izena momentuz zapatuko Mangaixue mendiko bizikleta martxarako

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 13a, 10:31

2019an, IV. Mangaixueren irteeran ateratako argazki bat. (Maxixatzen)

Atzo itxi zuen Anaitasuna mendi bazkunak aurretiazko izen ematea. Irailaren 16an bertan ere izango da izena emateko aukera, urtero bezala, Plazaberrin. Handik irtengo dira txirrindulariak 15:15ean, eta 14:00etatik aurrera eman ahalko dute izena azken unean animatzen direnek.

Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta, bosgarrenez egingo dute zapatuan, irailaren 16an, Mangaixue mendi bizikleta martxa Azkoitian. 15:15ean irtengo dira parte hartzaileak Plazaberritik, eta toki berean bukatuko dute martxa. Aurrekoetan bezala, bi ibilbide izango dituzte aukeran txirrindulariek: luzea, 35 kilometroko luzerarekin eta 1.500 metroko desnibel positiboarekin; eta laburra, 25 kilometrokoa eta 1.100 metroko desnibelarekin.

2019an egin zuten azken edizioa, eta beraz, hiru urteko etenaren ostean itzuliko da aurten Mangaixue. Anaitasunako antolatzaileak "gogoarekin" daude zapaturako; "lan asko" eskatzen du horrelako martxa bat antolatzeak, aitortu dutenez, baina merezi duelakoan daude. Uztailean ireki zuten izena emateko epea Interneten, irailean Uhaitz kafetegian ere eman ahal izan da izena, eta atzo itxi zuten aurretiazko inskripzioan 145 lagunek eman dute izena. Irailaren 16an bertan ere izango da izena emateko aukera, urtero bezala, Plazaberrin, 14:00etatik aurrera. Mangaixuen guztira zenbat txirrindulari elkartzea espero duten galdetuta, eguraldi iragarpenak "zeresan handia" izaten duela diote antolatzaileek: "Nolako eguraldia espero den begiratzen du jendeak, horren arabera erabakitzen dute askok egunean bertan izena eman ala ez". Mangaixue egitera animatzen diren txirrindulari "gehien-gehienak" gertukoak izango dira aurten ere, Azkoitikoak eta Azpeitikoak.

Ibilbideari dagokionez, nagusiki "betikoaren antzekoa" izango dela azaldu dute Anaitasuna mendi bazkunakoek, "baina berrikuntza batzuk" ere sartuko dituztela gaineratu dute. 2019an, Txalintxo, Samiño, Pagotxeta eta Olotza igaro zituen Mangaixuek. Txirrindulari batek baino gehiagok ibilbidearen track-a eskatu diete, baina halakorik ez dute zabalduko martxaren aurretik.

Zozketak eta eskaera bat

Mangaixue bizikleta martxa da, ez da lasterketa bat, eta beraz, sailkapenik ere ez dago. Hori bai, martxaren parte hartzaile guztien artean zozkatzeko "sari ugari" izango dituztela gogoratu dute antolatzaileek, eta "jatekoa ere ez da faltako".

Mangaixuen parte hartuko duten zein mendi bizikletan ibiltzeko ohitura duten kirolzale guztiei zuzendutako dei bat ere egin nahi du Anaitasuna mendi bazkunak: Mangaixuen ez ezik, "urtean zehar ere" ingurua eta baserritarrek "errespetatzea" eskatu nahi diete, bideetan itxita aurkitzen dituzten langak zeharkatu ondoren berriro itxita utziz, esaterako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide