Jon Unanue: "Baliteke orain gehiago baloratzea, hasi nintzenean baino"

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 12a, 10:12

Jon Unanue Kontxako bandera astintzen, Bermeoko harreran. (Busturialdeko Hitza)

Urdaibaik zazpigarrenez irabazi zuen Kontxako bandera igandean. Zazpi horietatik bostetan astindu ahal izan du bandera hori Jon Unanue Dukiek (Azkoitia, 1988), azkena herenegun bertan. Talde osoak egindako lanarekin oso gustura, lorpenaz gozatzeko parada ez du alferrik galdu. Orain, Eusko Label liga irabaztea du buruan azkoitiarrak.

Zer sentsazio izan zenituen igandeko estropadan?

Igandekoa biribila izan zen. Hasieratik erasora atera ginen. Berehala jarri ginen estropada buruan txandakideekin alderatuta. Zierbenak aurreko txandan lortutakoa izan zen zaindu beharreko denbora. Estropada erdian atzetik ginen, baina itzulerako luze on baten ostean bandera nahiko erraz irabazteko gai izan ginen.

Zer irakurketa egiten duzu egindako lanaz? Beste taldeak txundituta daude zuen lanarekin.

Irakurketa beti ere hotzean eginez gero hobe izaten da. Igandekoa uda osoko lanaren jarraipena izan zen. Irabaziko genuela irmoki sinistuta atera ginen uretara. Asmoak eta nahiak erabat bete genituen eta pozez gaude, egia esanda.

Kontxako bandera bosgarren aldiz irabazi duzu aurtengoarekin. Berezia izan al da?

Nire kasuan, bosgarren Kontxako bandera da; Urdaibairentzat, zazpigarrena. Denak dira bereziak. Urteak aurrera doaz, eta behar bada, gero eta gehiago gozatzen dudala esan daiteke. Urte osoko lanaren laburpena izan arren, ez dira ikusten atzean dauden sakrifizioa eta sufrimendua. Baliteke orain gehiago baloratzea, hasi nintzenean baino.

Nola ospatu zenuten garaipena?

Gernikan bazkaldu genuen talde osoak eta gertuko jendeak. Iluntze aldera iritsi ginen Bermeora, han prestatu ziguten harrera ekitaldi ikaragarrira. Herri osoa bertan zen. Ondoren, ez da falta izan ospakizun parranda eder bat.

Orain, liga irabaztea duzue helburu, ezta?

Noski. Bideratuta dugula esan daiteke, baina hobe erne ibiltzen bagara. Etxeko estropada dugu larunbatean eta polita litzateke liga bertan irabaztea. Igandean liga irabazteko gai izanez gero, urte ezin hobe honi amaiera ederra emateko aukera litzateke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide