XXIV. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten atzo, igandea, Zestoan, hango Ama Birjin festetan, eta Gaizka Etxaniz azkoitiarra nagusitu zen lehian, Laster txakurrarekin.
Guztira, bederatzi parte hartzaile izan zituen Zubiaurreko zelaian jokatu zuten txapelketak, eta azkoitiarrak 298 puntu eskuratu zituen Laster txakurrarekin, bigarren sailkatu zen Javier Gastañagak baino hamar puntu gehiago.
Atzokoan bi txakurrekin lehiatu zen Etxaniz, Ira txakurrarekin laugarren sailkatu zen hura. Gainera, atzo puntu gehien lortu zituzten aurreneko bost lagunak Euskadiko txapelketarako sailkatu ziren; beraz, azkoitiarrak bi txartel izango ditu urriaren 7an Mañarian (Bizkaia) jokatuko duten lehiarako.