Etxean porrota eta kanpoan berdinketa, denboraldia hasteko

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 11a, 11:42

Aurrera Ondarroa-Anaitasuna Hirugarren Mailako neurketaren une bat. (Anaitasuna)

Euskal Ligan 2-3 galdu zuen Anaitasunak Txerloian. Hirugarren Mailan, berriz, golik gabe amaitu zen Aurrera Ondarroaren eta Azkoitikoen arteko neurketa Zaldupen.

Zapatuan hasi zuten 2023-2024 denboraldia Anaitasuna futbol klubaren talde nagusiek. Garaipenik ez da izan sasoi berriko lehen jardunaldian gorrientzat, Euskal Ligan 2-3 galdu baitzuen Anaitasunak Basauriren kontra, eta Espainiako Hirugarren Mailan golik gabeko berdinketa sinatu zuen Azkoitiko taldeak Ondarroan.

Txerloian, bigarren zatian erabaki zen neurketa. Atsedenaldiaren ondoren jokoari berrekin eta berehala, bi gol egin zituen kanpoko taldeak –46. minutuan lehena eta 49.ean bigarrena–, eta aldapa gora jarri zitzaion partida Anaitasunari. 79. minutuan, aldea murriztea lortu zuten etxekoek Enarak sartutako golarekin; baina bizkaitarrek, abantailari eustea ez ezik, aldea berriro handitzea lortu zuten, 90. minutuan 1-3koa eginez. Luzapenean, 92. minutuan, etxekoen bigarrena egin zuen Maiderrek.

Anaitasunaren talde nagusiek lehen jardunaldian batutako puntu bakarra Ondarroatik ekarri zuen Hirugarren Mailako taldeak. 0-0 bukatu zen neurketa Zaldupen. Norgehiagoka parekatua eta gol aukera urrikoa izan zen lehen zatian; hala ere, epaileak baliorik gabe utzi zuen Pastriainek azken unea sartutako gol bat, Azkoitikoak baloia eskuarekin kontrolatu zuela erabakita. Bigarren zatian ere ez zen mugitu markagailua. Hobeto aritu zen Anaitasuna eta aukera batzuk ere izan zituen hiru puntuak eskuratzeko, baina bakarrarekin konformatu behar.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide